XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Armiarmak ere jarraitu nahi izan zion, baina alferrik.

Anansi maltzurrak irtenbideren bat aurkitu beharra zeukan larrialdi hartatik irtengo bazen.

Bapatean harri batzuk hartu eta bere poltsikoetan sartu zituen.

Harri haiek berarekin zituela, hain astuna bilakatu zen, ez bait zuen ia hankak mugitu beharrik izan, ezta indar gehiegi egin beharrik ere hondoraino iristeko.

Anansi nahikoa kostata mugi zitekeen uretan, baina azkenik dortoka lasai eserita zain zegoen lekuraino iristea lortu zuen.

Honek ez zuen denborarik alferrik galdu, eta ordurako jana zuen prestatu zuenaren erdia.

Armiarma, gosearen poderioz, ia-ia dardarka zegoen.

Mahaian jarri zen bezain laster, dortokak esan zion ahots leunez: - Barkatu, gonbidatu maitea, baina lurralde honetan kaleko arropaz jantzita mahaian esertzeko ohiturarik ez dugu.

Ken ezazu mesedez jantzirik daramazuna eta orduan jan ahal izango duzu nahi duzun guztia.

Hau esan ondoren, dortoka bere ahoa janariz bete eta mauka-mauka mastekatzen hasi zen.

Anansik goibel begiratu zuen gero eta jaki gutxiago zegoen mahai hartara....

Beno, laster jango dut geratzen den guztia, pentsatu zuen harriz beteriko poltsikoak zituen arropa erazten ari zen bitartean.

Eta bapatean uretan gora igotzen eta igotzen hasi zen, gelditu gabe, ur-azaleraino iritsi zen arte.

Dortoka eta bere janari gozoa han gelditu ziren, ur-hondoan, beregandik urrutitxo.

Anansik, ibai ertzera irten eta, goserik itzuli behar izan zuen etxera.

Horregatik esan ohi du jendeak, honelako kasuetan, gonbite bakoitzari mota bereko bat zor zaiola.